XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garai batean ez zen hori oso normala, batez ere Nevadan, Laxaltarrak bizi ziren arrantxu-giroan.

Honela erantzuten dio gure apunteari.

Amak zerikusi handia izan zuen diozun horretan.

Gure amak zinez sinesten zuen hezkuntzaren balioan eta, beraz, pentsatzen zuen guk ez genuela bakarrik oinarrizko eskola eduki behar, profesionala ere baizik.

Beti animatu gintuen ikastera eta ikasten segitzera.

Ikusmolde hori ez zuten gure inguruan bizi ziren familia eta gurasoetako askok.

Ondorioz, gutako hiru abokatu atera ginen, beste bat serora, bestea irakaslea eta beste bat idazlea.

Laxalt-ek esan bezala, anaietako hiruk lege ikasketak egin zituzten.

Paul-ek, ordea, denbora gutxi itxaron zuen karrera amaitu eta bere lehen esperientzia politikoa izateko.

Ez ahantzi Euskal Herrian ez bezala, Estatu Batuetan hainbat kargu horien artean gobernadoreak, sheriffak, justizi-egiturako zenbait eta orohar Administrazioko beste asko zuzenean hiritarrek hautatuak direla.

Laxaltek bere hastapena mundu politikoan kontatzen digu.

Karrera bukatu eta abokatu moduan hasi nintzen lanean.

Legegizon lan horretan nenbilela abokatu orokor (fiskal) postua libre geratu zen eta, gazte aurrerakoia nintzelarik, neure burua kargurako aurkeztea deliberatu nuen.

Eta hautatu ninduten.

Konderria zen hura, maila lokala alegia.

Geroago, abokatutzaren ihardun pribatuan eta abokatu orokor gisa hartutako eskarmentuarekin, egun batean, Las Vegaseko politikari ezagun bat etorri zitzaidan.

Gobernadore hauteskundeetara aurkezten zen eta berarekin bat gobernadoreorde gisa aurkeztuko nintzenez galdegin zidan.

Baietza eman eta hola hasi nintzen.

Nevadako gobernadoreorde hautatua lehenik, gobernadore ondoren.

Alboko estatuan Kalifornia boteretsuan Ronald Reagan zen orduan gobernadore.